Ilusioz eta erronka handiekin ekin dio Kultur Mahaiak 2016ari
Urtarrilaren 28an egin zen Azpeitiko Kultur Mahaiko talde eta bazkide norbanakoen 2015. urteko batzarra. Iazko jardueraren errepasoa eta 2016ko egitasmoen aurreikuspenak azaldu zuten batetik, besteak beste, Soreasun sormen espazioa eraikitzearena. Zuzendaritza berria ere onartu zuten.
2016-02-02
2015eko jarduerari dagokionez, Kultur Mahaiak eta bertako Sanagustin Kooperatibak egindako egitasmoak laburbildu zituzten. Udalarekin, herriko kultur taldeekin, eta bestelako eragile eta norbanakoekin izandako elkarlana azpimarratu zituzten. Hemen duzue honi buruzko informazio gehiago.
Zuzendaritzan izandako aldaketak ere onartu ziren batzarrean. Izan ere, 2014tik Azpeitiko Kultur Mahaiko Kulturzale Elkarteko lehendakari zen Joseba Izagirreren lekukoa hartu zuen Maite Maizek datozen bi urteetarako.
2016. urteko erronken kasuan, Kultur Mahaia indartu eta egungo izaerari eutsiz lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Horretarako, sormen eta transmisio arloko hamaika egitasmo lantzen ari direla adierazi zuten, proiektuaren oinarri diren elkarlanean eta partehartzean sakonduz betiere.
2016ko erronka nagusienen artean, Soreasun kulturgune edo sormen espazio bat eraikitzeko abiatutako hausnarketa dute. Ikasturte honetan Udalarekin elkarlanean abiatu dute proiektua, eta herriko kultur talde eta norbanakoei zuzendutako espazio dinamiko eta zabal bat eraikitzea du xede.
Erronka handiak eskuartean dituela, ilusioz ekin dio beraz Azpeitiko Kultur Mahaiak 2016. urteari.
Nicolas Oteiza "Kaito" ohorezko bazkide izendatu du Kultur Mahaiak
2015-07-29
Nicolas Oteiza Lezeta "Kaito"
Kultur Mahaiko hirugarren ohorezko bazkide izendatu dugu uztailaren
26an, 18:30ean Sanagustin kulturgunean hasi den ekitaldian. Kultur
arloan egin duen lana aitortu eta eskertu nahi izan diogu izendapen
honekin. Izan ere, hainbat urtetan herriko kultur ekitaldien
irudiak jasotzen jardun du Nicolasek bere kamerarekin, herriko
ondarea bilduz, eta nola ez, milaka orduko artxibategia sortuz.
Zorionak eta eskerrik asko Nicolas!
Hemen duzue honi buruzko zenbait informazio:
- Ekitaldian eskainitako bideoa
- Uztarriako albistea eta argazkiak
- Nicolasen esker hitzak
Egonkortasuna lortzea erronka, 2015erako
Azken urteak aldaketa askokoak izan direnez, egonkortasuna lortzeko erronka izan du Azpeitiko Kultur Mahaiak 2015ean. Hala erabaki zuen urtarrilaren 10eko batzarrean.
Ohiko lanak ez dituzte baztertuko, kultur sormena eta transmisioa sustatzeko helburuari jarraituz.
2015-01-10
Aldaketa urteak izan dira azkenengoak Azpeitiko Kultur Mahaiarentzat. Lan ildoka lanean hasi zen 2014ak, eta gainera, Sanagustin Kulturgunearen kudeaketari neurria hartzen hasiak zirenean, Soreasu Antzokiaren kudeaketa eskuratu zuten. Lan haiei guztiei eutsiz, egonkortasuna lortzea izango dute aurtego erronka. Parte hartze prozesuaren bitartez egindako diagnostikoaren arabera, aurrera begira jarraitu beharreko bidea finkatzea ere izango dute egiteko. Eta hori, kultur sormena eta transmisioa bultzatzeko helburu nagusiak baztertu gabe.
Informazio gehiago, hemen.
Kultur Mahaiak kudeatuko du Soreasu Antzokia
2014-10-01
Udalak Soreasu Antzokiaren kudeaketa lehiaketara atera zuenean, Kultur Mahaia osatzen duten 22 taldeek gogoeta abiatu zuten azpiegitura horren kudeaketa izatearen aukeraren inguruan. Dudarik ez zuten izan, abantailak bakarrik ikusten baitzizkioten. Azpeitiko Kultur Mahaiak barne-eztabaida egin ondoren erabaki zuen lehiaketara aurkeztea, herriko azpiegiturak eragileen esku izateari abantailak ikusten zizkiolako. Aurrerantzean, Sanagustin eta Soreasu herriko kultur eragileen eskuetan egongo dira.
Informazio gehiago, hemen.
Manolo Sanjuan ohorezko bazkide
izendatu du Kultur Mahaiak
2013-12-29
Abenduaren 29an Sanagustin Kulturgunean egindako ekitaldian bigarren ohorezko bazkide izendatu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak Manolo Sanjuan tailagilea. Joseba Izagirre Kultur Mahaiko lehendakariak eman zion Mikel San Juanek, Manoloren semeak, egindako oroigarria —argazkian, ekitaldian, oroigarria eskuetan duela—.
Informazio gehiago, ekitaldiko argazkiak, bideoak
eta abar: hemen.
Zuzendaritza berria aukeratu du Kultur Mahaiak, bazkideen batzarrean
2013-12-28
Azpeitiko Kultur Mahaiak abenduaren 28an egin du 2013. urteko ohiko batzarra, Baigera I aretoan. Zuzendaritza berria aukeratu zuten bildutakoek, besteak beste:
Argazkian, batzarrean izandako gehienak.
Informazio gehiago: hemen.
Imanol Elias Kultur Mahaiko
ohorezko bazkidea hil da
2013-01-26
Azpeitiko Kultur Mahaik duen aurreneko ohorezko
bazkide da Imanol Elias. Alex Silva Kultur Mahaiko kideak Mikel San
Juanek egindako oroigarria eman zion izendatzeko ekitaldian
—argazkian, ekitaldian, oroigarria eskuetan duela—. Haren inguruan
idatzi diren hainbat albiste dituzue jarraian:
- Imanol Elias Odriozolaren bizitzako zenbait zertzelada.
-
Imanol Elias
Odriozola herriko ohorezko kronista izendatu du
Udalak.
- Imanol Eliasei buruzko liburu biografikoa.
Eta hemen ohorezko bazkide izendatzeko ekitaldirako prestaturiko bideoa:
Oinarri garrantzitsu baten gainean, Azpeitiko kultur mugimendua eraikitzen
2012-12-29
Azpeitiko Kultur Mahaiak
abenduaren 29an egin du 2012. urteko ohiko batzarra, Baigera I
aretoan. Bilguneak aurten egindakoa (kultur bonoa abian, bere
ekitaldiak, sareko kultur albistegia...), kultur mugimenduari
buruzko gogoeta (sormena, transmisioa, egutegi oreka, udal kultur
aurrekontuak…) eta Sanagustineko urteko jarduera (146 ekitaldi,
harreman ugari, erreferentzia gune Azpeitian eta bertatik kanpo...)
izan du hizpide.
Argazkian, batzarrean izandako
gehienak.
Informazio gehiago: hemen.
III. Kulturaldiaren balorazio ona
2012-12-27
Abenduaren 23ko bertso
saioarekin bukatu zen Azpeitiko Kultur Mahaiak antolatutako III.
Kulturaldia. Ona da balorazioa: aniztasuna egon da ekimen eta
espazio aldetik, eta ia mila lagun izan dira denera.
- Abenduak
5: Zuloak dokumentala Soreasun.
50 lagun joan ziren.
- Abenduak 8: Zuloak eta Bizardunak taldeen kontzertua Sanagustinen. 300 lagun. Hemen lau argazki.
-
Abenduak 11: Pako Aristiren
hitzaldia Baigera I-en, bere Independentziaren
paperak liburuari buruz. 25 lagun. Hemen hitzaldiko
kronika.
- Abenduak
14: Sahararen aldeko afari
musikatua Sanagustinen. 40 lagun. Hemen afari musikatuko
argazkiak.
- Abenduak 17
(urtarrilaren 10era artean): Miriam Quintana eta Beatriz Pozo
Arte eta Diseinu zentroko irakasleen
erakusketa Sanagustinen. Hemen irekiera
ekitaldia.
- Abenduak 20
(urtarrilaren 7ra artean): herriko 21 dendatan herriko 19
artisten kuadroak-artelanak, erakusleihoetan. Hemen artelan
bat denda
batean.
- Abenduak
23: Txapel-en omenezko bertso
saioa Sanagustinen. 400 lagun. Hemen saioari buruzko
artikulua.
III. Kulturaldiko
argazki bilduma.
Argazkian, Sahararen aldeko
afari musikatua.
Martxan da Azpeitiko kultur bonoa
2012-12-19
Kultur Mahaiak
abiatu du proiektua, Sanagustinen, Tren Museoaren eta udalarekin
elkarlanean. Helburuak: kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea,
Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea eta herritarrek abantaila
ekonomikoak izatea. Urteko bonoa izango da, 52 euroko prezioarekin;
eskaintzak berez 155 euroko balioa du. Bonoa har daiteke dagoeneko:
Sanagustinen, Tren Museoan edo Udal Gazte Informazio
bulegoan.
Argazkian,
egitasmoaren arduradunak.
Informazio
gehiago: hemen.
130 bikote txapeldun II. mus txapelketan
2012-12-03
Abenduaren 1ean bukatu zen
Azpeitiko soziedadeen arteko II. mus txapelketa, Sanagustinen;
Kultur Mahaiak antolatu du. Irabazleak Urrestillako Antxieta
soziedadeko Jose Antonio Lasa eta Vicente Unanue izan dira.
Bigarren Iturriko Iñaki Ulazia-Aitor Muñoz bikotea geratu da,
hirugarren Arauntzako Joxean Godoy-Aitor Aldalur eta laugarren
Loiolatxoko Iñigo Arregi-Jon Larrañaga. 130 bikotek hartu dute
parte txapelketan.
Azpeitiko Kultur
Mahaiak soziedadeekin elkarlanean antolatu du II. mus
txapelketa, bi helbururekin: soziedadeen arteko hartu-emana gehiago
sustatzea, eta Kultur Mahaia diruz laguntzea, ondo
pasatuz.
Argazkian, II. txapelketako
aurreneko lau bikoteak.
Informazio gehiago: hemen.
Alegian Azpeitiko kultur mugimenduari buruz azalpenak ematen
2012-11-28
Enekoitz Esnaola Azpeitiko
Uztarria Kultur Koordinakunde zeneko kide ohi eta Kultur Mahaiko
kideak aste honetan hitzaldi bat eman du Alegian, bertako euskara,
kultura eta beste arlo batzuetako ordezkariek deituta. Azpeitiko
esperientzia euskara eta euskal kulturaren aldeko lanean.
Alegiarentzako estrategia baten bila izenburua jarri
zioten Alegiako lagunek. Batik bat, Uztarria koordinakundearen eta
Kultur Mahaiaren izaeraz, eraketaz eta antolaketaz aritu zen
Esnaola; "kultura politikoaz", funtsean, hitzaldian
zioenez.
Joan den urtean Huhezi Mondragon
Unibertsitateko fakultatean gai berari buruzko hitzaldia eman zuen,
Uztarriaren eta Kultur Mahaiaren izenean (hitzaldi osoa), Euskal
Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondoko arduradunek
gonbidatuta.
Argazkian, Enekoitz Esnaola
hizketan Alegiako Kultur Etxean.
Kultur Mahaiaren 2012ko bigarren batzarra
Atzo (hilak 19) egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak taldeen 2012ko bigarren batzarra, Baigera I aretoan.
2012-07-20
Sanagustin kulturgunearen kudeaketaren lehen urteari buruzko txostena (informazio gehiago hemen), Kultur Mahaiaren urteko lehen seihilekoaren azalpena eta aurrera begirako asmoak izan genituen hizpide. Barne araudiaren arabera, urtean gutxienez hiru batzar egiten ditu Mahaiak; bitartean, taldekako bileren eta barne komunikazio bidez funtzionatzen dugu, eta bi astero Talde Eragilea biltzen da. Argazkian, batzarreko irudi bat.
Uztaileko zozketak
2012-07-02
Uztailean zozketatzeko lau opari izan ditugu eta honakoa izan da emaitza:
- Ero, Jon Martinen liburua: Maite
Urbistondo.
- Agur, Euzkadi, Juan Luis Zabalaren liburua: Iñigo
Goenaga.
- Gazta zati bat dokumentala ikusteko 2 sarrera: Maite Azpiazu.
- Sanagustinen 2 lagunentzat afaria: Itziar Egibar.
Zu ere izan zaitezke bazkide, nahi izanez gero, eta Kultur Mahaiari bere proiektuak aurrera aterzten lagundu, soilik urtean 10€-rengatik. Horretarako orri hau bete besterik ez duzu egin behar, eta hurrengo zozketan parte hartuko duzu!!
Uztarriak, 'Hitza'-k eta Kultur Mahaiak lankidetzan egingo dute kultur albistegia
2012-06-19
Uztarria Komunikazio Taldeak, Urola Kostako Hitza-k eta Azpeitiko Kultur Mahaiak indarrak batu dituzte eta hemendik aurrera herriko kultur albisteen berri elkarrekin emango dute, lankidetzan, webgune batean bateratuta.
Helburuak kultur albisteak gune
batean batzea, berri kopurua ugaritzea, leku gehiagotara iristea
eta baliabideak optimizatzea dira.
Uztarria.com-eko komunitatean
kide diren kultur eragileen guneetako albiste batzuk ere kultur
atari horretan irakur daitezke.
Uztarria.com/kultura helbidean
aurki daitezke albiste horiek.
Horretaz gain, gune horretan
eskubiko zutabean
kultur arloko beste osagai
batzuk
daude:
•
Kultur Mahaiaren informazioa eta
bazkidetza.
• Hurrengo kultur ekitaldien agenda.
• Azpeitiko eskuko kultur agendaren
PDFa.
• Sanagustin kulturguneko
webera lotura —hark bere gunearekin segituko du, kulturgunearen
izaerak eta martxak hori behar duelakoan—.
• Uztarria.com-eko komunitatean kide diren kultur
eragileen guneetara lotura.
Kultur Mahaiak 2009ko abenduan
lapikue.net kultur webgunea sortu zuen, eta harrezkero 600
albiste pasa egin ditu. "Herrian kultur mugimendua badela ikusteko
balio du kopuru horrek". Indarrak metatu, eta Uztarriarekin eta
Hitza-rekin batera aritzea erabaki zuen Kultur Mahaiak
bere azken batzarrean. Hurrengo asteetan mantenu lanak baino ez
ditu egingo lapikue-n. Hori bere garaian sortzeko Udalak
emandako laguntza eskertu du.
Webgune korporatibo bat
sortu du Kultur Mahaiak: azpeitikokulturmahaia.com.
Atalak:
• Azpeitiko kultur talde guztien oinarrizko
informazioa dago.
• Kultur Mahaiaren argazkiak eta
bideoak.
• Kultur bilguneari buruzko
albisteak.
• Bazkidetza.
• Kultur ekitaldien artxibategia.
• Uztarria.com/kultura-ko eta Sanagustineko
webeko azken albistera lotura.
• Herriko eskuko kultur agendaren
PDFa.
Era berean, Facebook-eko
orria sortu du, eta kulturari buruzko YouTubeko kanala
sortzeko asmoa dauka.
Aldaketaren
arrazoia
Orain arte Azpeitiko kultur
albiste guztiak ez zeuden leku batean bilduta —Uztarria eta
Hitza-ren kasuan bai—, batzuetan Kultur Mahaiak eta
besteek albiste bera ematen zuten, besteetan agian uztarria.com-ek
berri bat sartu zutelako Kultur Mahaiak ez eta alderantziz, eta
tarteka ekitaldietan kazetariak biderkatuta izaten ziren.
"Ondorioz, indarrak elkartu, eta kultur albiste denak leku bakar
batean biltzearen aldeko apustua egin dugu, haiekin hitz egin
ondoren", dio Kultur Mahaiak.
Kultur Mahaiaren berri ematen Errenterian
2012-06-19
Azpeitiko Kultur Mahaiak bere esperientziaren berri ematen jarraitzen du, kanpoko eragileek hala eskatuta —dagoeneko hogeiren batekin egon da—. Lehengo igandean, esaterako, Mahaiko ordezkari Enekoitz Esnaola Errenterian izan zen, Mikelazulo kultur elkarteak antolatutako Eztena jaialdiko ekimen batean: sortzaile eta programatzaileei buruzko mintegian. Kultur Mahaia nola eratuta dagoen azaldu zuen Esnaolak, zein den bilgunearen egitekoa, Sanagustin kulturgunea kudeatzen duela eta zein den Sanagustinen filosofia...
Errenteria, Elorrio, Leioa, Arrasate, Donostia, Zarautz, Gasteiz, Durango, Deba edota Bilboko eragileak ere bildu ziren aipatutako jardunaldian.
Laugarren urtez antolatu du Mikelazulok Eztena jaialdia, sortzaileak, ikusleak eta antolatzaileak harremanetan jartzeko helburuarekin. Bost egunez Errenteriko kale, taberna, liburutegi zein aretoetara eraman ditu antzerki eta dantza ikuskizunak. Jon Eskisabel kazetariak jaialdiari buruzko iritzi artikulua idatzi du gaur 'Berria'-n.
Harrera ona Gartxot ekimenei
2012-05-23
Gartxot ekimeneko bi ekitaldi izan ziren lehengo astean Azpeitian: filma eta ikuskizuna.
Ostegunean izan
zen Gartxot pelikula, Soreasu antzokian, eta ehunen bat
lagun joan ziren ikustera.
Ostiralean
Gartxoten istorioaren antzezpena izan zen Soreasun. 120 bat lagunek
hartu zuten parte: Azpeitiko Kultur Mahaiko zazpi taldetako kideek
(Itsasi eta Sahatsa dantza talde, Musika Eskola, Musika Banda,
Napar Zuzterrak, Lakrikun antzerki talde eta Julian Barrenetxea
Abesbatzakoek), Emakumeen Antzerki Tailerrekoek, haur eta gazte
antzerki tailerrekoek eta norbanako batzuek. 340 bat lagun
joan ziren ikustera, eta saioa ondo atera zen.
Gaur Sanagustin
kulturgunean Pako Aristi eta Benito Lertxundiren arteko solasaldia
izatekoa zen, baina Lertxundi eztarriko arazoekin dabil eta saioa
atzeratu egin da. Oraindik ez dago data berririk.
Itzaltzuko
bardoa zen Gartxot.
'Gartxot ekimena' Azpeitian maiatzaren 17tik 23ra bitartean
2012-05-09
Euskal
Kantuzaleen Elkartearen dei batek akuilu lana eginda sortu dute
Gartxot ekimena, Azpeitiko Kultur Mahaikoek. Gartxot Itzaltzuko
Bardoaren istorioarekin ikuskizuna prestatzeko gonbita jaso zuten:
"Antzezleak, musikariak, dantzariak eta abeslariak beharko dira
gutxienez". Hala, kultur taldeen artean hitz egin eta aurrera
egitea erabaki zuten Lakrikun Antzerki Taldeak, Juan Antxieta
Musika Eskolak, Julian Barrenetxea Abesbatzak, Sahatsa Dantza
Taldeak, Itsasi Euskal Kultur Taldeak, Azpeitiko Musika Bandak,
Ikasberri Azpeitiko Ikastola-Kultura eta Urolakoen Napar Zuzterrak.
Hauei gaineratu zaizkie, Emakumeen Antzerki Tailerrekoak, Gazteen
Antzerki Tailerrekoak eta norbanako batzuk.
Gartxot eta Mikelot aita-seme
euskaldunen istorioa kontatzen duen ikuskizuna da prestatzen ari
direna. Orreagara iritsi berri den abade maltzur baten aurka egin
beharrean aurkitzen dira aita-semeak, ez armekin, ez eskuekin,
kantuz baizik. Euskaraz abestuz eta euskara zabalduz latina ezarri
nahi duen Begon abadearen haserreari egiten diete aurre.
Kontakizuna tragedia bat da.
Gartxot
ekimena
Kultur taldeak entseguak egiten
ari dira azken hilabetean, asteazkenero. Baina horrez gain eta
Gartxoten istorioa gehiago ezagutarazteko beste bi ekitaldi
prestatzea erabaki zuten: T3. Zine Klubaren laguntzarekin Juanjo
Elordi eta Asisko Urmeneta zuzendariek egindako Gartxot filma
batetik, eta Urolakoen Napar Zuzterrak antolatutako Pako Aristi eta
Benito Lertxundiren arteko solasaldia bestetik.
Egitaraua
1.- Eguna: Maiatzak 17
(osteguna).
Zer: Gartxot filma. Asisko
Urmeneta eta Juanjo Elordik zuzenduta.
Tokia: Soreasu
Antzokia.
Ordua: 21:30
Sarrera: 5€ (lortutako dirua
filma botatzearen gastuak betetzeko eta egileei filma zabaltzen
laguntzeko izango da).
2.- Eguna: Maiatzak 18
(ostirala).
Zer: Gartxot Itzaltzuko
Bardoaren ikuskizuna, herriko kultur taldeek egina.
Tokia: Soreasu
Antzokia.
Ordua: 21:30
Sarrera: 3€ (lortutako dirua
ekitaldiaren gastuei aurre egiteko erabiliko da eta balizko
irabaziak Kantuzale Elkartearen eta Kultur Mahaiaren artean
banatuko dira)
3.- Eguna: Maiatzak 23
(asteazkena).
Zer: Pako Aristi eta Benito
Lertxundiren arteko solasaldia. Aristik Lertxundi elkarrizketatuko
du Gartxoten harira.
Tokia: Sanagustin
kulturgunea.
Ordua: 19:00.
Sarrera: Doan.
Kultur Mahaia Zarautzen izan da, bere esperientzia kontatzen
2011-12-15
Ariola Zarautzen kultur mugimendu zabala eratu nahian dabil azkeneko hilabeteetan, eta lehengo ostiralean eta larunbatean jardunaldiak antolatu zituen, Oteiza Lizeoan: ostiralean (abenduaren 9an) hiru herritako kultur esperientzien berri izan zuten mahainguru batean eta larunbatean Ariolakoek euren batzarra egin zuten.
Hain zuzen, mahainguruko partaideetako bat Azpeitiko Kultur Mahaia izan zen; Enekoitz Esnaola haren ibilbideaz, antolaketaz, kultur komunikabideez edota Sanagustin kulturguneaz mintzatu zen. Gauzak egiteko moduari eman zion garrantzia, batik bat; "kultura politikoari". Beste bi solaskide izan zituen: Gernikako Astra koordinakundeko eta Leitzako Atekabeltz elkarteko ordezkariak. 80 bat lagun bildu ziren.
Mahainguruaren aurretik, Lorea Agirre Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak euskal kulturaren oinarriei buruzko hitzaldia eman zuen. Ariolako kide bat, berriz, Europako eraikuntzen biziberritzeaz mintzatu zen.
"Ariolak espazio sozio-kultural berri bat izan nahi du, erakargarria, herriko kultur beharrak, herritarrok ditugun behar sozio kulturalak asetuko dituena", dio Zarauzko kultur mugimenduak.
Bazkideen balekoa jaso du Kultur Mahaiak
2011-12-13
Larunbatean egin zuen Kultur Mahaiko elkarteak bazkideen urteko ohiko batzarra, Baigera I aretoan, eta aurrera atera zituen zuzendaritzak aurkeztutako gaiak: Sanagustin kulturguneko kooperatibizazioa garatzeko proposamena, 2012ko aurrekontuak edota urteko balantzearen txostena. Kultur Mahaiak abenduaren 1ean taldeen batzarra egin zuen. Argazkian, joan den larunbateko batzarra bukatu osteko une bat. (bazkidetu zaitez zeu ere)
Ondo joan da II. Kulturaldia
2011-12-13
Igandean bukatu zen Azpeitiko Kultur Mahaiaren II. Kulturaldia, Sanagustinen izandako bi ekitaldirekin. Ondo joan da aurtengo Kulturaldia ere: bost ekimen, diziplina desberdinak, jendearen parte hartze polita.
Kultur Mahaiak berriz ere urtearen bukaera aldera antolatu du, urtean zehar egindakoa pixka bat borobiltzeko. Kultur bilguneak, horretaz gain, bi batzar egin ditu —taldeena eta bazkideena—, eta Azpeitiko soziedadeen arteko I. mus txapelketa antolatu du —elkarteen artean hartu-emana gehiago sustatze aldera—.
Hauek izan dira II. Kulturaldiko ekitaldiak
- Azaroak 25: kantu afaria. Sanagustinen izan zen, Kitarrista taldeko eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek animatuta. Hain zuzen, Kitarrista taldea eta Julian Barrenetxea elkarrekin orduan aritu ziren lehen aldiz.
- Abenduak 4. 'Acción obrera' dokumentalaren emanaldia. Ta3. Azpeitiko Zine Klubak antolatuta, Gaztetxean.
- Abenduak 9. Islaia Hazparneko taldearen kontzertua. Sanagustinen.
- Abenduak 11. Ohorezko bazkide ekitaldia eta poesia musikatua. Sanagustinen. Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatu zuen Imanol Elias Odriozola. Ondoren, Gotzon Barandiaran (idazlea), Gorka Urbizu (Berri Txarrak) eta Imanol Ubedak (Bide Ertzean) Poesiaren gauza galduak emanaldia egin zuten.
143 bikote txapeldun!
2011-12-11
Kultur
Mahaiak antolatu du. Txapelketan 143 bikotek hartu dute parte, ia
300 lagunek, 28 elkarteetakoak. Lehen edizioa izateko kopuru ona
da. Txapela Ilunpe soziedadeko bi ordezkarik irabazi dute:
Aitor Priyak eta Marcos Villanuevak (1.000 euroko saria,
eta txapela bana). Txapeldunorde: Xabier Olaizola-Jose Inazio
Etxezarreta, Nahi Genduenakoak (500 euroko saria). Hirugarren: Joxe
Ramon Loinaz-Mariano Salegi, Iturrikoak (otarra bana). Laugarren:
Joxe Mari Zubizarreta-Luis Mari Argandoña, Izarraizpekoak (bina
afari edo bazkari Sanagustinen).
Hemen final nagusiko argazki
batzuk. Eskerrik asko denei
Kultur Mahaiaren izenean.
Kultur Mahaiak dio urte ona izan dela
2011-12-03
Atzo (osteguna) gauean egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiakurteko hirugarren batzarra, Baigera I aretoan, eta aurtengoa "urte ona" izan dela iritzi dio. Horren erakusle, 2008ko azaroaren bukaeran urteko plangintzak egiten hasi zenetik egindako bidea eta izandako lorpenak aipatu zituen Mahaiko Talde Eragileko kideek.
"Kultur Mahaiak hiru ardatz finkatu zituen oraintxe dela hiru urte:
- Kultur azpiegiturak (Sanagustini lehentasuna).
- Kultur komunikabideak sortu.
- Kultur egutegia
orekatu.
2011n egindakoa gogoratuz:
- Iazko abenduaren erdialdean Udalarekin elkarlanean Sanagustin kulturgunea ireki ostean, aurtengo uztailean osatu egin dugu eta eguneroko dinamika du. Kultur Mahaiak hartu du kudeaketa. Harrera ona izan du kulturguneak, martxa handia dago (lehen lau hilabeteetan 54 ekitaldi), eta orain arte arlo ekonomikoan aurreikusitakoa betetzen gabiltza. (Ikusi Sanagustin osatuaren lehen 100 egunen balantzea)
- Komunikazioan: Sanagustineko weba sortu dugu (eta haren sare sozialak; Facebook-en dagoeneko 1.200 jarraitzaile ditugu), kulturguneko panela jarri dugu eta hileroko eskuko agenda egokitu.
- Horrez gain: II. Kulturaldia antolatu dugu, bazkidetzan gora egin dugu (352 gara une hauetan), soziedadeen hartu-emana gehiago sustatzeko mus txapelketa antolatu dugu, entitate ekonomikoekin lankidetzan hasi gara (aurrena, Domusa kooperatibarekin)...".
Talde Eragileak batzarrean azpimarratu zuenez, "Kultur Mahaiko kide denen ekarpena garrantzitsua izan da, alor orokorretan (kultur azpiegiturak...) bat eginda aritu garelako. Sanagustineko langileen lana ere inportantea izan da. Udala ere inplikatu da". Eskerrak eman zizkien denei.
2012an, aipatutako arloetan aurrerapausoak emateaz eta oinarri batzuk jartzeaz gain (Sanagustinen, adibidez: kooperatibizazioa garatu, ekitaldien antolakuntza irizpideak finkatu, diru iturri berriak lortu...), kultur egutegia orekatzeko lanari eutsi beharra diola esan du Kultur Mahaiak (oreka diziplina aldetik, data aldetik, espazio aldetik...).
Herriko kultur talde denek (22ek), udal taldeek, kultur teknikariek eta norbanako batzuek osatzen dute Kultur Mahaia.
Abenduaren 10ean (larunbata) bazkideen batzarra egingo du, Baigera I aretoan, 11:00etan
Kultur Mahaiak soziedadeen arteko I. mus txapelketa antolatu du
(2011-11-14)
Kultur Mahaiak
Azpeitiko soziedadeen arteko I. mus txapelketa antolatu du,
soziedadeekin eta Udalarekin elkarlanean.
Txapelketaren helburuak
- Soziedadeen arteko hartu-emanak gehiago sustatzea.
- Bide batez, Kultur Mahaiak diru iturriak lortzea txapelketarekin (Kultur Mahaiak aurten 19.000 euroko aurrekontua du).
Kultur Mahaiko batzar batzuetan aipatu izan da soziedadeekin hartu-emanean hasi beharko genukeela, baina bere garaian gaia uztea erabaki zen, beste zeregin handiago batzuk genituelako. Orain heltzeko moduan gaude eta, lehen neurri gisa eta giroa sortze aldera, mus txapelketa antolatzea erabaki dugu. Ikusiko dugu zer ematen duen gerora ekimenak, zer sustatzen den, nola...
Azpeitian soziedadeek presentzia eta indar handia dute, denera 30 elkarte daudelako. Ondorioz, oso gune pluralak dira: kokapen, familia, kuadrila, adin, esparru... aldetik. Soziologikoki, Azpeitiaren aberastasun handienetakoak dira soziedadeak.
Haiekin hitz egin ondoren erabaki du Kultur Mahaiak mus txapelketa antolatzea: 1. Lehenik eta behin, bakoitzari asmoa azaldu genion, eta ea prestatuko al ziren jakiteko. Balekoa jaso genuen. 2. Ondoren, soziedadeekin bilera egin genuen Sanagustinen, txapelketako arauak adosteko. Oso ondo joan zen bilera.
Bi fase izango ditu txapelketak
1. fasea: soziedade bakoitzeko txapelketa, bertako bazkideen artean.
- Bakoitzeko bi bikote finalistak (lau lagun), azken fasera sailkatuko dira.
- 1. fasea azaroaren azken asteburuko ostiral-larunbat-igandean eta abenduko lehen asteburuko ostiral-larunbat-igandean jokatuko da, eta soziedade bakoitzak erabakiko du eguna.
2. fasea, finala: Sanagustinen.
- Abenduaren 10ean (larunbata).
- Partaideak: soziedade bakoitzeko txapelketako bi bikote finalistak, eta Kultur Mahaiko txapelketako bi bikote finalistak.
Izen-ematea
- Hasita dago. Norbera bere soziedadean apuntatu (badaude kartelak).
- Soziedade bakoitzak finkatuko du izen-ematearen bukaera, bere txapelketako egunaren arabera.
- Bikoteko: 20 euro.
Kultur Mahaiko bazkideak ere jokoan
Soziedadeetako
bazkideek ez ezik, Kultur Mahaiko elkarteko bazkideek ere jokatu
ahal izango dute txapelketan: 1. fasean, Sanagustinen azaroaren
24an), eta hango bi bikote finalistak ere azken fasera sailkatuko
dira.
Kultur Mahaiko bazkideek izena emateko modua eta aukerak:
- Museko bikote batean gutxienez bietako batek izan beharko du Kultur Mahaiko elkarteko bazkidea. Bikote batek jokatu nahi badu eta inor ez bada bazkidea, mus partidaren aurretik gutxienez bietako bat bazkidetu egin beharko da (urtean 10 euro dira. Bazkidetzeko, hemen).
- Izena emateko aukerak: lapikue@gmail.com / edo 674 165 684 / edo Sanagustin kulturgunea. Izen-abizenak jakinarazi.
Partaideak
1. Izarraitz
Txoko
2. Inpernue
3. Nahi genduena
4. Antxieta
5. El Vivero
6. Perdillegi
7. Landeta (azaroaren 26an
jokatu dute)
8. Irrintzi
9. Oñatz Gain
10. Harkaitza
11. Zokoa
12. Zulozabal
13. Loiolabide
Zahar
14. Txalintxo
15. Gure Ametsa
16. Oilo Soro
17. Ardozaleak
18. Loiolatxo
19. Oilagorra
20. Goi Kabi
21. Iturri
22. Ziripot (azaroaren 26an
jokatu dute)
23. Arroita
24. Ilunpe
25. Zelai Luze
26. Arauntza
27. Urki Gain
28. Kultur Mahaiko
bazkideak (azaroaren 24an jokatuko dute, Sanagustinen)
Kontaktua eginda
eta erantzuna falta:
- Basazabal
Kontaktua egiteke:
-
Mendizaleak
- Izarraitzpe
Kultur Mahaiak kudeatuko du Sanagustin
(2011-05-06)
Azpeitiko Udalak Kultur Mahaiaren kooperatibari adjudikatu dio Sanagustin kulturgunearen kudeaketa. Udalak eraikinaren gestiorako lehiaketa publikoa zabaldu zuen duela aste batzuk, eta Kultur Mahaiak atera du. Atzo gauean egin zuten plenoa udaletxean, eta hantxe erabaki zen esleitzea.
Asteartean Udal Kontratazio Mahaiaren bilera izan zen, eta aditu batzordeko hiru kultur teknikariek Kultur Mahaiaren proiektuari buruzko oso balorazio ona egin zuten, euren idatzian ikus daitekeen bezala.
Kultur Mahaiak berrehunen bat orrialdeko egitasmoa aurkeztu zuen apirilaren 11n udaletxean —berak baino ez zuen aurkeztu proiektua—: Sanagustinen funtzionamendua, egitura —kulturgunea kudeatzeko kooperatiba sortu du Mahaiak—, ekitaldiak, marketinga, euskara, baliabideak, bideragarritasun ekonomikoa, baldintza tekniko eta legezkoak... Kultur Mahaiak uste du "proiektu herritarra, taldeengan oinarritutakoa, plurala, orekatua, parte-hartzailea, bizia..." osatu duela. "Azken batean, Sanagustin kulturgune erreferentziala izatea nahi dugu". Hurrengo asteetan egitasmoa gehiago xehetzen joango da hedabideetan.
Datozen egunetan kontratua sinatuko du Udalarekin
Atzo plenoak adjudikazioa egin ostean, Udalak eta Kultur Mahaiak datozen egunetan eraikinaren kontratua sinatuko dute. Horretaz gain, kultur bilguneak Udalari funtzionamendu hitzarmena egitea proposatuko dio.
Sanagustinek ostalaritza zerbitzua ere edukiko du, eta Kultur Mahaiak "garbi" adierazi nahi du hango "ardatza kultura" izango dela, eta ostalaritza diru iturri bezala planteatzen dela, "kultur programazioa aberatsagoa izan dadin". Aste gutxira hasiko dituzte obrak —ez dira handiak ere izango—. "Kudeaketa profesionala eta gardena" egingo duela dio Mahaiak.
Joan den urteko abenduaren 11tik dago irekita Sanagustin.
Kultur Mahaia Azpeitiko 24 kultur taldeek, lau udal taldeek, Hamaikabat alderdiak, Udaleko eta Mahaiko teknikariek, eta norbanako batzuek osatzen dute.
Aldamioak
Lorea Agirre
(Berria)
2011-01-14
(...)
Musika
elikagaia da. Gainontzeko kultur adierazpide guztiek bezala,
musikak norberaren bizitzako une askori zentzua ematen die jaten.
Eta areago, taldetasuna elikatzen du, kide egiten zaitu. Doinu
jakinetan eraikitzen du komunitate baten izatea eta memoria.
Herrigintza baten eraikuntzarako aldamioaren oinarri.
Elikagaia, eta
baita bisbaporuba ere, katarroa leuntzeko ukendua,
Ruper Ordorikak, joan den larunbatean,
Azpeitian eman zuen kontzertu bikainean —beti
bezala, klasiko bat— aipatu zuenez. Maite duzun hori zaintzeko
modua. Sanagustin kulturgune berrian jo zuen. Kontzertuak emateko
lehengoratu den eliza bat da, aurretik haur eskola, udaletxe eta
harategi izana. Ederra, santuak aldaretik ez kenduagatik. Herriko
plazan bertan. Eta ederrago dena: orain dozena bat urte sortu zen
herriko kultur talde guztien elkarketak erdietsi duen emaitza da.
Herriko talde guztiak, udaleko ordezkariak eta hainbat banako,
berdinetik berdinera, biltzen dituen kultur mahaia da bide horren
azken urratsa. Kolore politikoak kolore, eta aldaketa politikoak
aldaketa, herriarentzat eta herriaren eskutik kultur politika
beregaina egin ahal izateko bidea zabaldu dute. Kultur politika
ulertzeko eta praktikan jartzeko eredu berri bat da.
I. Kulturaldiaren balorazio ona egin dute
(2012-12-22)
Amaitu da Kultur Mahaiak lehen aldiz antolatu duen I. Kulturaldia, eta balorazio positiboa egin du. Ekitaldiak ondo joan direla adierazi du, nahiz eta arazo tekniko batzuk medio igandeko ekitaldia bertan behera gelditu zen. Arazoak konponduta daude.
Gainerako ekitaldietara jende asko gerturatu dela adierazi dute Kultur Mahaiko kideek, eta beren lana kaleratzeko modua izan dutela. Sanagustinen inaugurazioan herriko taldeak elkarlanean jardun zuten, eta Udalaren eta Kultur Mahaiaren lankidetza ere izan da, emaitza onak lortuz.
Datorren urterako Kultur Mahaiak dituen helburuak II. Kulturaldia antolatzea, kultur egutegi orekatua lortzeko irizpideak gauzatzen hastea eta Sanagustinek dinamika handia izatea dira.
Kultur Mahaia, aurrerapausoak ematen segitzeko indartsu
lapikue.net
kultur weba hobetzea, bazkide gehiago
lortzea, kultur egutegiko irizpideak gauzatzen hastea, II.
Kulturaldia antolatzea...(2010-12-07)
Azpeitiko Kultur Mahaiak abenduaren 1ean egin zuen urteko azkeneko batzarra Sanagustin kulturgunean, eta aurtengo balorazio txostena eta 2011ko plangintza eta aurrekontua "ontzat jo" zituen. Aurtengo urtean "urratsak egin" direla, eta "aurrerantzean ere aurrerapausoak" ematen segituko dutela dio herriko kultur bilguneak.
2010eko balorazioa
- Sanagustin irekitzear. Sanagustin kulturguneak abenduaren 11n zabalduko ditu ateak. "Oso azpiegitura garrantzitsua izango da denontzat", diuo Kultur Mahaiak. Urte hauetan Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean jardun dute: ekipamenduaren alorrean, hurrengo aste eta hilabeteetako ekimenak antolatzen... "Emaitzak lortu dira".
- Bazkide kanpaina. Bazkideak lortzen ari da Mahaia, kultur mugimenduari gorputz sozial handiagoa emateko. Lehen fasean 2010ean, taldeetako kideen artean egin du kanpaina, eta helburua lortuta dago: 100 bazkide. Sanagustin irekitzean, kanpaina herritarrengana zabalduko dute.
- Udalaren diru laguntza. 2009an bezala, 2010ean ere 12.000 euroko diru laguntza eman dio Udalak Kultur Mahaiari. Iaz, Gipuzkoako Foru Aldunditik 2.000 euro eta Eusko Jaurlaritzatik 1.800 euro laguntza jaso zuten weberako; 2010eko erantzunen zain dago Kultur Mahaia.
- Eskuko kultur agenda. Urrian hileroko eskuko kultur agenda sortu zuen Mahaiak. Hilerokoa da, mila aleko tirada du.
- I. Kulturaldia antolatu du aurten. Abenduaren 11n, 17an eta 19an izango dira azken ekimenak.
2011ko plangintzako ardatzak
- Sanagustineko trantsizio epea prestatuta. Abenduaren 11n irekiko da, eta lehen hilabeteetan, egitarau zabala prestatzeaz gain, kulturgunearen funtzionamendua finkatu, gabeziei-eta irtenbidea eman
- Soreasu. Irekitzean, lankidetza eta sinergien optimizazioa aztertu. Maiatz aldera irekiko du Soreasuko areto nagusia Udalak; zinemakoa. "Ondorioz, Soreasu irekitzean, aztertu harekin kultur egutegi eta ekitaldi aldetik lankidetza nola burutu, eta Sanagustinen eta bien arteko sinergien optimizazioa ere aztertu".
- Lapikue.net kultur weba hobetzeko plana gauzatu. 2009ko abenduaren 18an sortu zuen Mahaiak lapikue.net kultur weba. Hobetzeko plan bat gauzatzen ari dira orain: diseinua, atal berriak, weba denentzat erabilerrazagoa egin, zuzeneko emanaldiak eskaintzen hasi, kultur taldeentzat barne atala ireki Lehen emaitzak datozen asteetan izango dira.
- Eskuko kultur agendarekin segitu.
- Kultur eskaintza orekatua lortzeko egutegiko irizpideak finkatzen hasi. Oreka kultur espresio edo disziplina aldetik, herriko espazio aldetik, egutegi aldetik
- II. Kulturaldia antolatu.
2011ko aurrekontua
Aipatutako egitasmoa oinarri hartuta, 2011rako honako aurrekontua du Kultur Mahaiak.
- Gastuak. 19.122 euro.
- Sarrerak. 19.000 euro.
Azpeitiko kultur Talde denek (25ek), lau udal taldeek, udal kultur teknikariak, norbanako batzuek eta Mahaiko teknikariak osatzen dute Kultur Mahaia.
Eskuko kultur agenda sortuko du Kultur Mahaiak
(2007-07-26)
Azpeitiko Kultur Mahaiak eskuko kultur agenda kaleratuko du urrian. Era horretan, komunikazio alorreko bigarren proiektua jarriko dute martxan. Kultur agenda hilabetero aterako dute, eta hileko lehen egunean banatuko dute. Formatu txikikoa eta koloretan izango da. Mila aleko tirada izango du eta toki publikoetan banatuko dute. Agendan, kultur elkarteek antolatutako ekitaldiez gainera, kultur taldeak ez diren elkarteen kultur adierazpenak ere jasoko dituzte. Diseinua, www.lapikue.net webgunean ikusi daiteke dagoeneko.
Kultur Mahaiak aurtengorako plangintzaren baitan onartutako egitasmoa da agendarena, eta talde eragileak joan den ostegunean aurkeztu zien diseinua mahaiko talde eta kideei. Orduan egin zuten urteko bigarren batzar nagusia.
Iazko abenduan, bere lehen hedabidea, www.lapikue.net webgunea, sortu zuen Kultur Mahaiak eta ataria berrikuntzekin osatzen jarraitzen du.
Sanagustinen irekieraz
Komunikazioaz gain, kultur azpieturak ere ardatz ditu mahaiak. Urri bukaera aldera Sanagustin kulturgunea irekiko dela azaldu eta azpiegitura aldetik "pauso handia" emango da. Osteguneko batzarrean zehaztu zutenez, Kultur Mahaia Udalarekin batera Sanagustinen irekiera-urratsak zehazten ari da: "aken ekipamenduaren instalazioa, kulturgu- nearen irekiera data, inugurazio ekitaldia, behin-behineko antolaketa...".
Bazkidetza arloan ere helburuak betetzen ari direla esan dute. Sanagustin ireki bitartean taldeetako kideen artean ehun bazkide lortzeko helburua jarri zuen Kultur Mahaiak, eta gaur egun 90 dauzka. Herritarren artean bazkideak egiteko fasea Sanagustin ireki takoan hasiko dute. Bazkidetza 10 euro da.
Aurrera doa Kultur Mahaia
2010-03-29)
Joan den ostegunean, martxoaren 25ean, Urteko lehen batzar nagusia egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak, eta bertan eman zioten oniritzia aurtengo aurrekontuari. Hain zuzen, 17.774 euroko gastua aurreikusi du eta 18.000 euroko diru sarrera.
Mahaiko Talde Eragileak azkeneko asteetan EAJ, ezker abertzalea, EA eta Aralar udal taldeekin bilerak egin ditu urteko plana eta diru laguntza eskaera aurkezteko, eta uste du aurten ere izango duela udal laguntza. Iaz hamabi mila eurokoa izan zen eta urte honetarako kopuru bera aurreikusi du.
Abenduko batzarrean onartu zuen Kultur Mahaiak 2010eko plana, eta horren arabera osatu dute aurrekontua. Herriko kultur egutegi orekatua lortzea, lapikue.net webgunea aberastea, eskuko agenda sortzea, eta Sanagustin kulturgunea irekitzea eta honen funtzionamendua zehaztea dira urteko ardatz nagusiak. Horretaz gain, Mahaiko elkarterako bazkide kanpaina ere abiatua du (oraingoz, taldeen artean).
Talde Eragileak bi kide berri izango ditu: Zubi-Zarreko Musika Taldea eta Ikasberri Azpeitiko Ikastola-Kultura. Mahaiak barne araudian zehaztua du urtero joango dela berritzen Talde Eragilea.
Batzarraren ondoren Sanagustin kulturgunea ikustera joan ziren. Obrak bukatuta daude eta ekipamendua jartzea besterik ez da falta, baina horretarako Espainiako Gobernuaren azken balekoa behar da (honek finantzatu du obra osoa).
Azpeitiko kultur elkarte denek, udal taldeek, udal kultur teknikariak eta norbanako batzuek osatzen dute Kultur Mahaia. Parte-hartze handia izan zuen atzoko bilerak. Uztailerako aurreikusi dute hurrengoa.
Kultur Mahaiak laster sortuko du weba, eta Sanagustin "azken txanpan" da
(2009-07-10)
Azpeitiko Kultur Mahaiak "berriz ere aurrerapausoak eman ditu" atzo (osteguna) gauean egindako batzarrean, kultur webgunea laster sortuko duela iragarri baitu. Horretaz gain, Sanagustin proiektua "azken txanpan" dela jakinarazi du eta Mahaiak kultur egutegiko irizpideak onartu dituela.
Hain zuzen, hiru horiek dira Kultur Mahaiaren 2009ko kudeaketa planeko ardatzak, iazko azaroko batzarrak erabaki zuenez kultur taldeek, udal taldeek eta norbanakoek osatzen dute gunea.
Komunikazioa. Kultur webgunea martxan laster
Kultur Mahaiak azaldu du irailaren hasiera aldera webgunea sortuko duela. Orain teknikoki gauzatzen ari da. Albisteak, bideoak, agenda, argazkiak izango ditu. "Kultur taldeen parte-hartzea lortzea da helburu nagusietakoa, eurak izan daitezen informazioaren emaileak". Taldeen barne informaziorako eta koordinaziorako gunea ere izango du webak.
Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian weberako diru laguntzak eskatuak ditu Kultur Mahaiak.
Sanagustin kultur gunea, hastear
"Lan asko egin ondoren, abiatzear" da Sanagustin kultur gunea, Mahaiaren arabera.
Espainiako Gobernua-ekipamendua. Sanagustin kultur guneko ekipamendua hobetzeko Espainiako Gobernuak 300.000 euroko laguntza emango du (Kultur Mahaiak egin zuen txostena, Udalak balekotzat jo, eta horretarako laguntza ematea onartu zuen Espainiako Gobernuak), Madril martxo aldetik txostena ari da egiten, eta Udalak uztailaren erdirako espero du behin betiko eta baleko txostena. Nahiz eta Sanagustin ofizialki urte bukaeran irekiko litzatekeen, udazkenean ekimen batzuk egitea aurreikusten du Mahaiak. "Aurrerapauso handia izango da. Proiektua azken txanpan da, beraz".
Udalak 50.000 euroko diru laguntza. Udalak 2009ko aurrekontuetan Sanagustingo ekipamendua osatzeko 50.000 euroko diru partida jarri du. Teloia, tarimak (eskenatokia luzatzeko, hegaletan txikiak jartzeko edo eskenatoki gainean txikiak ipintzeko) eta aulkiak erosteko baliatuko dute laguntza hori.
Sanagustingo logotipoa aukeratuta. Batzarrak ostegunean hautatu zuen kultur guneko logotipoa (argazkian ageri da).
Erretaulako irudia ez kendu. Sanagustingo erretaula ez dute kenduko. Teloiarekin estaliko da.
Sanagustin ondoko parkea. Udala hasi da Sanagustin ondoko parke estaliko lanak egiten, eta abendura arteko epea izango du bukatzeko. "Kultur guneari ondo etorriko zaio parkea, bilgune garrantzitsua izango baita eremu hori", esan du Mahaiak.
Kultur ekitaldien egutegiko irizpideak, onartuta
Aurreko hilabeteetan taldeen informazio asko bildu eta aztertu ondoren, Kultur Mahaiak kultur ekitaldien egutegiko irizpideak finkatu ditu batzarrean. Aho batez onartu zituen. Mahaiak uste du, "betiere norberaren nortasunari eta independentziari eutsiz kultur arloko kide denek talde kontzientzia izanda", aurrerapausoak emango dituztela.
Kultur ekimen oro antolatzean taldeek kontuan izan beharreko oinarrizko irizpide komun batzuk finkatu dituzte orain.
Programazio irizpideak. Hauek jarraituko dituzte:
Programatzeko tresnak. "Beharrezkoa da kultur ekimenak programatzea eta antolatzea erraztuko duten tresnak eskura izatea", eta horiek finkatu ditu Kultur Mahaiak. Hala, kultur ekimenen antolatzaileek jarraitu beharreko oinarrizko lan metodologia zehaztu dute batzarrean.
Aurtengorako 12.000 euroko udal laguntza Kultur Mahaiari
Udalak Kultur Mahaiari 12.000 euroko diru laguntza eman dio aurten, ekaineko udalbatzarrean erabaki zuenez. Kultur weba gauzatzeko, Kultur Mahaiko teknikaria hartzeko eta lokaleko tresnerirako erabiliko du diru laguntza hori.
Besterik: udal diru laguntzen irizpideez azterketa egiten
Udalak herriko kultur taldeei urteko diru laguntzak ematean irizpide batzuk jarraitu beharko lituzkeela uste du Kultur Mahaiak, eta talde bat eratua du hori jorratzeko. Herri batzuetako ereduak aztertzen ari da, Azpeitiko taldeekin informazioa partekatzen...
Hurrengo urteko kudeaketa plana onartu du Kultur Mahaiak batzarrean
(2008-11-28)
Batzar garrantzitsua egin zuen atzo (osteguna) Azpeitiko Kultur Mahaiak, hurrengo urteko kudeaketa plana edota barne araudia onartu zituelako. Herriko kultur taldeek, norbanakoek eta Udaleko ordezkariek osatzen dute Mahaia, eta bertako Talde Eragileak egindako proposamen denak onartu zituzten batzarrean.
Udalak sustatuta, 2006ko otsailetik dago Kultur Mahaia Azpeitian eta, besteak beste, herriko arloko egitaraua antolatzeko eta azpiegituren funtzionamenduaz hitz egiteko eta erabaki nagusiak hartzeko sortu zuten. Mahaiak berak operatibitatean irabazteko, iazko abendutik Talde Eragilea dauka hamabi kidez osatua aurten, eta talde horrek jardun du proposamenak lantzen, eragileekin bilera sailak eginda.
Kudeaketa planaren arabera, hiru lan ildo nagusi daude: San Agustin kultur gunea, herriko ekitaldien egitaraua eta komunikazioa. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko nahian, tresna bezala elkartea sortu eta erregistratzea erabaki du Kultur Mahaiak, eta ostegunean onartu zituzten estatutuak. Alex Silva Bide-Ona Sanjuandegiko Kultur Elkarteko kidea izendatu dute lehendakari.
Arlo horietan garatutakoa kontuan hartzeko eskatzen dio Mahaiak Udalari. Honek gune haren garrantzia azpimarratua du. Kultur dinamikak herritarra izan behar du. Horretarako, eragileen parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta hori bermatzea nahi dugu, esan izan du legealdi hasieratik Leire Lazkano Udal Kultura batzordeburuak.
Kultur Mahaiak 2009ra begira kudeaketa plana eta zeregin zehatzak izango dituen arren, guneak oro har ikuspegi zabalagoz jokatu behar duela uste du, kultur arloaz kanpoko beste eragile batzuekin lankidetzan arituz-eta. Azkeneko hilabeteetako batzarretan aipatu izan dira festak, soziedadeak edo auzoak bezalako gaiak, eta aurrera begira horiek ere jorra daitezkeela iritzi dio Kultur Mahaiak.
San Agustin, azpiegitura garrantzitsua
Orain dela hamar urte onartu zuen Udalak San Agustin eraikina kultur erabilerarako izatea, eta Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren diru laguntza lortu zuen horretarako. Harrezkero, ordea, proiektuak geldialdi luzea eduki zuen, eta duela pare bat jarri zuten berriro martxan. Kultur Mahaiak, batik bat, ekipamenduari buruzko lanak egin ditu. Kontuan hartu behar da orain hamar urte aurreikusi zuten ekipamendua zaharkituxe geratu zela, eta gaur egungo errealitateari egokitutakoa jartzeko lanetan ibili gara. Lortutakoaren ondorioz, orain edozein taldek antolatu ahal izango du teknikoki edozer motako ekitaldia San Agustinen, esan du Mahaiak.
Kultur gunea 2009. urtearen hastapen aldera irekiko dutela uste dute eta, San Agustinek hasieratik martxa har dezan, hiru bat hilabeteetan Mahaiak berak kudeatuko du, behin-behinean.
Kultur egutegi orekatua
Kultur ekitaldiei dagokienez, San Agustineko egitaraua egiteaz gain, herriko egutegi bateratua osatzeko lanean dabil Mahaia. Arloak, hutsuneak, kale presentzia edota ekimen berriak bezalako gaiak ari da jorratzen, orekaren eta parte-hartzearen bila.
Mahaiak berak urtean behin Kulturaldia antolatzea erabaki zuten osteguneko batzarrean.
Komunikazioa landu
Komunikazioa ere arlo garrantzitsutzat jo du kudeaketa planean, eta kulturako webgunea eta karteldegi elektronikoak sortzeko egitasmoak onartu ditu batzarrak. Izan ere, herritarrek taldeen ekimenen berri izateko ahalegin handiagoa egin behar dugula deritzogu. Elkarteei komunikazio aldetik laguntzeko asmoa ere badu.
Azpeitiak 2010ean 700. urtemuga beteko duela-eta, Udalak osatuta daukan lan taldean laguntzeko xedea du, halaber.
Taldeen konpromisoa
Azpeitiko kultur eragileen ustez, oso garrantzitsua da herriko taldeak Kultur Mahaian egotea eta elkarrekin aritzea. Herri ikuspegia zabaltzen da horrela; gauzak hobeto ikusten, egiten eta ulertzen dira.
Hala, funtzionamendua ahal den egokiena izateko helburuz, Kultur Mahaiko eta honen Talde Eragileko barne araudiak onartu zituzten batzarrean. Taldeek besterik ez dute izango Mahaiko batzarrean botoa izateko eskubidea eta, aldi berean, gutxienez batzarren bi herenetan parte hartzeko betebeharra onartu dute, baita zuzendaritza karguetan eta Talde Eragilean egoteko konpromisoa ere txandakako sistema jartzea erabaki dute.
Hona hemen Kultur Mahaiko kideak.
Kultur Mahaiaren talde eragilea sortzeko ekarpenak egingo dituzte elkarteek
(2007-11-16)
Atzo (osteguna) iluntzean bildu zen berriz ere Kultur Mahaia, udaletxean, eta Azpeitiko udal ordezkariak eta kultur elkarteak abenduaren 4rako geratu dira berriro egiteko bilera, Kultur Mahaiaren talde eragilea sortzeko eta honen funtzionamendua zehazteko asmoz.
Leire Lazkano (EAE-ANV) Udal Kultura batzordeburuak deituta egin zuten bilera atzo, eta denera 27 lagun bildu ziren. "Kultur dinamikak herritarra izan behar du. Horretarako, eragileen parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta hori bermatzea nahi dugu", zioen.
Kultur Mahaiaren helburuak definitu nahi ditu Udalak eragileekin batera, eta funtzionamendua adostea.
Bide horretan, talde eragilea sortzea garrantzitsua dela deritzo. Gauza bera zioten atzo hainbat elkartek. Duela gutxi kirol arloan talde eragilea edo dinamizatzailea sortu zuten Udalak eta kirol elkarteek.
Talde eragilea sortu aurretik, honen funtzionamendua nolakoa izango litzatekeen adosteko elkarteek ekarpenak egingo dituzte azaroaren 27a bitartean. Udal Kultura Batzordeak ekarpen horiek denak jasoko ditu, eta abenduaren 4ko bilera baino lehenago elkarte denei helarazi egingo dizkie.
Harremanaterako:
azpeitikokulturmahaia@gmail.com
/ 674 165 684